Mostrando entradas con la etiqueta MKM. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta MKM. Mostrar todas las entradas

jueves, 3 de febrero de 2011

Euskararen garabide estilistiko eta funtzionala multimedia alorrean

Maria Jesus Lamarcak "Características del hipertetxo. Hipertexto: El nuevo concepto de documento en la cultura de la imagen" hipertestuaren ezaugarriak zerrendatzen ditu bere testuan: konektibitatea, digitalizazioa, multimediatasuna, interaktibitatea, berrerabilpena eta zabaltzea.

Bost ezaugarri hauek teknologiaren aldaketaren erakusle ez ezik, hizkuntza baliabide eta testu antolakuntza berriak dakartzate. Izan ere, hipertestuak testu soila gehigarriz jositako artikulu bilakatzen du. Hala, esaterako, sarritan hobe izango da jatorrizko iturriaren informazioa guztiz itzuli baino, hau estekatzea. Genero klasikoak ere moldatu (infografiak, esteka albisteak, fotonotiziak, erreportaia interaktiboak) eta beste batzuk sortu beharko dira. Testuak sareko irakurketa joeretara egokitu beharko dira, adibidez, testuaren gehigarri moduan (ez ordezkatuz) bideoa eskegiz. Euskarri bakoitzaren abantailak jaso beharko ditu testu bakoitzak. Ziberkazetaritzako piezek helburu zehatzagoak beharko dituzte sarean, aukerak zabalagoak izango direlako.

Hipertestuak eta multimediatasunak dakarren aukeren saltsa-maltsan ez nahasteko komunikabideek etorkizuneko irizpide eta helburu komunikatiboak finkatzea ezinbestekoa da.

lunes, 31 de enero de 2011

Euskarazko tresna eta baliabide linguistikoen analisia

Eskolan eskaini diguten urrezko eskuliburu bati esker, aitzakiarik ez dugu gure euskarazko testuak ez hobetzeko. Behin idatzita, edo idatzi bitartean, aukera zabalak ditugu hobekuntzak egiteko.

Hainbat eta hainbat tresna ditugu sarean eskuragarri. Hizkuntza sistemaren baliabide eta arau orokorrak, euskara batuaren arau akademikoak, estilo zaindu orokorrerako irizpideak, irizpide soziolinguistikoak, komunikabideetarako estilo aukerak eta terminologia nahiz fraseologia zaintzeko baliabide ugari ditugu. Aldiz, hutsuneak daude komunikabide estilo eta generoen inguruan dauden irizpideei buruz. Hortaz, kazetariok forma zaindu edo estandarreko tresnetatik jaso (eta moldatu) behar ditugu gure artikuluentzako ekarpenak. Hutsuneak hutsune, inoizko hizkuntza tresneria garatuena dugu eskura.

Baliabide saltsa honetatik guztiatik probetxuzko emaitza lortzea da helburua. Tresna batzuk uneko zalantzak konpontzeko balio dute, baina beste askok aldez aurreko irakurketa behar dute gero aplikatzeko. Etengabeko eta monetuko informazio jarioan bizi garen honetan gure hizkuntzaren kalitate linguistikoa bermatzeko berehalako tresna eraginkorrak behar ditugu. Euskarak baditu tresna asko, horiek tamainan erabiltzea da kazetarion erronka.

martes, 25 de enero de 2011

Kalitatezko euskararen hatsarreak

Multimedia produktuen kalitate linguistikoen kudeaketarako irizpideak eta baliabideak irakasgaiaren lehenengo langaiaren ondorioak dira datozenak.

Euskararen Aholku Batzordeak egindako txostenean agertzen dira argi eta garbi hizkuntzaren kalitatea neurtzeko hiru parametro nagusiak: egokitasuna (xedea lortzen duena; eraginkorra), zuzentasuna (arauak jarraitzen dituena) eta jatortasuna (tradizioz erabilitako formak erabiltzen dituena). Irizpide hauekin bat egiten dugu, baina hierarkia ere ezartzea posible dela uste dugu. Egokitasuna litzateke garrantzitsuena, lehen printzipioa. Izan ere, egokitasunaren izenean zuzentasuna eta jatortasuna bigarren mailan jartzea onargarria dela uste dugu, alderantziz ez, ordea.

Bestalde, egokitasuna neurtzea, subjektiboa izanik, aski zaila da. Igorleak ezartzen du helburua, baina baliteke helburu hori gaixki ezarri izana, edo erdipurdizka aplikatzea. Zuzentasuna neurtzeko orduan Euskaltzaindiaren arauei atxikitzea nahikoa da. Jatortasuna aztertzeko berriz, tradizioan erabili diren formen analisia egin behar da. Lan zaila eta konplexua zuzentasunaren aldean.

viernes, 21 de enero de 2011

-8. zeregina- Gogoeta teorikoen analisia

Master honek zer edo zer erakutsi badigu, ikus-entzunezkoek sarean izango duten epe motzeko gailentasuna da. Multimedia diskurtsoa deritzon honen oinarrian dago ikus-entzunezkoen ekoizpena. Interaktibotasunaren eta hipertestuaren erabileraren hauspoak dira ikus-entzunezko produktuak.Izan ere, azken urteetan produktu hauen kontsumoa izan da interneten gehien handitu dena. Hots, bideoak izan ohi dira hartzailearen parte hartze gehien jaso ohi duten piezak. Ez dago hain garbi, ordea, hipertestualitatea ikus-entzunezkoetan guztiz integraturik dagoen. Esaterako, oraindik gutxi dira, bideoaren barruan (edo urriak diren testu laguntzaileetan) hipertestuak aurkitzea. Dena den, lan egiten ari den arloa da. Eredugarria, ARGIAk alor honetan duen ikuspuntu integrala.

Momentuz, aisiarekin zerikusia duten ikus-entzunezkoek gainezka egin dute interneten. Hala ere, informazio landua duten orrien zenbakia asko ari da zabaltzen. Gutxi batzuk esaterako, DemocracyNow, TheWeekinRap Amerikako Estatu Batuetan, eta gurean, ARGIA eta BERRIATB bera. Adibide hauek erakusten dute ikus-entzunezkoekin egin daitekeen erabilera guztiz ezberdina, baina, beti ere, informatzea helburu.

Eduki bisualen iturriei dagokionez, bitarikoak dira batik bat. Propioak: komunikatzaileek beraiek sortutakoak, agentzietakoak: informazio agentziek bildu eta masiboki zabalduak eta bigarren eskukoak: interneteko erabiltzaileengandik edo komunikabideetatik jasoak, edota artxibo irudiak.

Hutsuneei dagokionez, produktu integratuen falta azpimarratzen dute autoreek. Hala, kazetari bakarrak euskarri guztietarako piezak sortzeak izango lituzte emaitza onenak. Izan ere, pieza bakoitzak bere funtzioa beteko luke osotasun batean eta helburu zehatzak ezarriz eta besteekin gainjarri gabe. Laburbilduz, eredua da informazioa interneterako sortzen duten erredakzioak desagertu eta kazetari multimediak garatzea.

Adibideak ikusiz, EiTBren web orriak informazioa, oro har, telebistatik migratzen du edota irudi sorta solteak biltzen ditu testu nagusiei lagunduz. Berriak, berriz, bere produktu eta grabazio propioak sortzeari ekin dio. Argiak ere, beste hainbeste. Medio idatziek interneteko ikus-entzunezkoan eginiko apustua da zalantza gabe, erabaki arriskatu bezain aurrerakoiena. Azken batean, paperezko bertsioa indartu baino interesa internetera zuzentzen ari baitira. Izango ote du apustu honek atzera buelta interesgarririk komunikabideentzat? Ikusteko dago. Badakiguna da, hartzailea dela honen guztiaren sariduna.

Jovaisa Herrán, gazte seminarista baten esperientzia

Kat dixit: Gazte baten bizitza isladatu nahian, zerbait berezia egin nahi genuen. Ikusten ez den hori, hain arrunta ez den alde hori erakutsi. Eta hasi ginen pentsatzen zer egin genezakeen... Hala, eta gazteen bizimodu ezberdinez liluratuta seminarista gaztea hartu genuen abiapuntua.

Bilboko seminarioan batu ginen Jovaisa Herránekin. Ez ustekoz harrapatu bagenuen ere, eta kamara aurrekoak egiten ohitua ez badago ere maisutasunez bistaratu zigun bere bizitzeko modua. Eta zerrendaratu, denak lerroan, bere printzipio eta ideiak.

Gustokoa izan da ezberdintasunei erreparatzea, eta plazerra, gauzak argi entzutea.

Mila esker , beste behin ere Jovaisa

martes, 18 de enero de 2011

-7. zeregina- Erreportaje multimedien analisia

Euskarazko webguneetan erreportaje multimedien agerpena azkarra izan da, bat batekoa, ia oharkabean heldu dena. Noski, beste hainbeste gertatu da beste hizkuntzetako medioetan ere. Baina, ba al dugu multimediatasun aberatsa? Elkarreragina sortu eta hipertestuen erabilerarekin informazioa aberasten duen multimediatasuna?

Eitb, Argia eta Zuzeu informazio orrien multimedia erreportajeei ikusmira eginez gero, pozteko arrazoiak daudela uste dut. Ikus-entzunezko produkzioa badago, asko gainera kontuan izanda hartzaile talde mugatua. Hori dela eta, ekoizpena ona bada (estiloz, diseinuz eta edukiz) eta hipertestu (hau urriagoa da, oro har euskarazko informazioa ez baita edukiz hain osoa) nahiz elkarreragin tresnak integratzen badituzte ere, zabalpena mugatuagoa da. Euskal munduaren muga kuantitatiboak dira erreportaje multimediaren ekoizpenaren hesi bakarrak. Izan ere, apustua egina dago. Ikusi behar honi eusteko aukera dagoen.

Azpimarratzekoak dira BERRIATB eta Argiaren Beranduegi multimedia saio eredugarriak eta ausartak. Euskal komunitate txikiaren baitan horrelako proposamenak aurrera egiteak euskarak sarean duen osasun onaren seinale zalantzaezinak dira.

lunes, 17 de enero de 2011

-2. Zeregina-Zein dira ahozko zibertestu baten planifikazioan eta sorreran urrats eta erabaki linguistiko-diskurtsibo garrantzitsuenak?

Zertaz hitz egingo dugun aukeratu behar da lehendabizi, baita gai hori aukeratzeak zein helburu asebeteko dituen gure ikus-entzulegoaren testuinguru soziokulturala kontuan hartuz. Zein euskarritan argitaratuko dugun jakin beharko dugu eta plataforma horretako beste piezekin izango duen harremana aztertu ere diskurtsoari zehaztazun bultzada emateko.

Erabilitako plataformak, internetek kasu, zein aukera multimediatiko, interaktibo eta hipertestual eskaintzen dizkigun baloratu beharko dugu. Areago, web orriaren diseinu eta funtzionamenduaren irizpideek zein ekarpen egiteko aukera ematen dizkiguten atzeman berharko dugu. Behin hori eginda, testuaren helburuarekin bat egin dezaketen tresnen erabilgarritasuna kontuan hartu eta aurrerako ideia bat zehaztea gomendagarria litzateke.

Aukera guzti hauek kontuan hartu ostean, lehengai multimediak lortu eta informazioaren muina xehetzea behar dugu. Lortutako eduki guztitik, behar-beharrezkoa hautatzea, alegia. Behin testua sortuta gainerako elementuekin integratu beharko da eta sareak ematen dituen baliabide sozialen bidez ahal den eta egokien zabaldu.

Erabaki linguistikoei dagokionez, gaia hartzaileari ulergarri eta interesgarri egiteko terminologia aukera behar da entzulearen hizkuntza gaitasuna kontuan izanik. Azpimarratu nahi diren ideiak hurrenkera edo errepikapenez lehenestea gomendagarria da. Helburuari egoki zaion erregistroa aukeratu. Geberoa erabaki eta honen eredu diskurtsiboak segi, koherentzia mantenduz.

lunes, 20 de diciembre de 2010

Europako aireportuetan hegaldiak atzerapenak izaten ari dira elurra dela eta

Elurrak milaka hegaldi galarazi ditu Europa iparraldean. Londres, Brusela, Paris eta Amsterdameko aireportuetan bertan behera utzi dituzte hegaldiak eta beste aireportuetan domino efektuak atzerapenak ekarri ditu, tartean Bilboko Loiu aireportuan. Asteburuko denboralea urruntzen ari bada ere, Londreseko Heathrow bezalako aireportu erraldoietan ehunka lagunek jarraitzen dute ez aurrera ez atzera.

Hurrengo orduetan elurra gutxitu eta eguraldiak hobera egingo badu ere, azken egunetan izandako gorabehera larrien ondorioz egoera normalizatzeko beste bi egun beharko dituzte. Europako aireportu erabiliena Londresekoa da, beste herrialdeetara bidean eskala egiteko erabiltzen baita. Erresuma Batuko hegaldien egoera jakinaratzeko orria prestatu dute.

miércoles, 15 de diciembre de 2010

John Pilger kazetariak "The War You Don't See" filma estreinatu du Erresuma Batuan

"The War You Don't See" edo "Ikusten Ez Duzuen Guda" filme dokumentala estreinatu du Erresuma Batuan John Pilger Australiako kazetari eta dokumentalgileak.

Kazetariek gerra egoeretan duten eragina ikertzen da filmean, lehen mundu gerran hasi eta Irakeko inbasiora arte.

Datorren urtean, 2011an, helduko da filmea AEB eta Australiara. Ikusteke dago noiz helduko den Europara. Dena den, laster izango da online eta dohainik.

John Pilger kazetariaren beste dokumentalak ikus daitezke sarean.

The War You Don't See trailer from John Pilger on Vimeo.

martes, 30 de noviembre de 2010

Gazte ludopata


Anderrek ez du diru askorik. Duen diru apurra taberna batean sartu eta txanponjalean xahutzen du. Momentu batean bere mundutik aldentzen da bizipen extrasensorial batean murgilduz.



Foot Locker-en iragarkiaren azterketa

domingo, 21 de noviembre de 2010

Gai hunkigarrien tratamendua: Foot Locker iragarkia

Santi Urrutiaren gai hunkigarrien tratamendua irakasgaian sexuzko edo biolentziazko irudiak aztertu behar ditugu. Nik bideo hau aukeratu du, eta bertako fotograma bat erabiliko dut klasean nire ideiak emateko. Ikusi baina lehen bideoa: Zer iruditzen zaizue?



Garikoitz eta Karmele: Audio muntaia

Bikotekide baten harremana hausten doa, baita beraien lagunen artekoa ere. Etxean, ordenagailuak zehazki ordezkatzen du harreman hutsune hau. Bikoteko bakoitzak interneten aurkitzen du entretenimendu eta gozamena. Baina, isolamendura heltzen dira biak. Harreman errealen etenari Irtenbidea lortzeko lanak hasten dira egiten biak.


Ir a descargar

Gasteizko Eraztun Berdean Ibilbidea


Gasteiz Europako Hiriburu Berde izendatu dute 2012 urterako. Sari honen arrazoietariko bat Eraztun Berdea izeneko ingurune naturala da.

Podcast honetan ibilbidea egin daiteke Eraztun Berdeko leku dotoreenetatik.

miércoles, 20 de octubre de 2010

Berria, Público, The Guardian

Ziberkomunikabideen interakzioaren analisia.

Euskal Herriko BERRIA, Espainiako PÚBLICO eta Erresuma
Batuko THE GUARDIAN izan dira aztergaiak.

Hiru zibermedioak interakzioan, web 2.0-ren aplikazioan, barneratuta daude. Denek eskaintzen dute irakurlearen partehartzea. Notizien iruzkinak egin, sare sozialetan elkarbanatu, inkestetan bozkatu eta testu nahiz irudiak bidaltzea da hiru medioek elkarbanatzen dutena. Hiruek, modu batez edo bestez, web 2.0-ren oinarrian dauden errekurtso hauek dituzte.

Ñabardura gehienak, aurkezpenean daude. Izan ere, Berria eta The Guardian egunkariek badute irakurlearentzako eginiko atal espezifikoak "Parte Hartu" eta "Community" izenpean. Baina, funtsean parte hartzea ez da atal horietan abiatzen, tresna guztiak orrialde webean integraturik baitaude. Ez da batetik, egunkari ofiziala, eta, bestetik, irakurlea.

Berria da erregistroa eskaintzen ez duen orri bakarra, honek, iruzkinen kalitateari egiten die kalte, eta hori dela eta, aurretizko "zentsura" erabiltzen du Berriak.
Beste biek, erregistroa eskatzen dute iruzkinak eman eta notiziak zein komentarioak bozkatzeko.

The Guardian-ek eskaintzen duen balio atxikia Foroa da. Foro aktiboa non jendeak nahi duen gaiari buruz eztabaida dezakeen. Horretarako, noski, irakurle asko eta fidelak behar dira. The Guardian-ek, oro har, web 2.0 garatuagoa du: kazetarien kontaktu eta perfilak, sare sozial gehiagoren lasterbideak, berriak zuzentzeko aukera eta blog andana. Besteek ere badituzte (berriak zuzentzeko aukera zuzena izanik ezik) baina tamaina txikiagoan. Dena den, Blogak ere garrantzia dute medioen azaletan.

Público-k notizien iruzkinei ematen die garrantzi handia. Horren erakusle, letra tipo zabala, bozkaketa sistema bisuala eta, oro har, irakurketa erakargarriagoa egiten duen sistema. Adierazgarria da, Público-k albo-barra mugikor bat duela beti iruzkinak eta Facebook nahiz Twiterrerako loturak esku-eskura izateko.

Bideotxaten inguruan, lehen bistazoan, The Guardian-ek huts egiten du. Público-k maiztasunez egiten ditu eta Berriak hiru hilabetean behin. Galderak aurrez egitea posible da eta erregistru gabe, hori bai, aukeratu egiten ditu medioak galderak.

Hemendik aurrera, antzekotasunak asko. Irakurle komunitateak eta txatak ez dira hiru medio hauetan ageri. Letra tamaina handitu eta txikitzeko aukera bai, baina berrien audio irakurketarik ez da eskaintzen. Feed-ak badaude, The Guardian-ek soilik atalka.

Eta, agian, akats handiena. Erabiltzairen gustuen arabera orria personalizatzea ez da posible. Alor honetan egin beharko dute lan handiena, erregistroak aprobetxatuz bakoitzari gehien interesatzen zaizkionak azalean jarri eta besteak ezkutatzeko.

Laburtzeko, BERRIA, PÚBLICO eta THE GUARDIAN, web 2.0 orriak dira. Oro har, aukera antzekoak dituzte baina Erresuma Batuko zibermedioak komunitate zabalagoa izanik interakzio, eztabaida eta feedback gehiago sustatzen du. Besteek, iruzkinei eta sare sozialetan notiziak elkarbanatzeari ematen diete garranzia.

jueves, 14 de octubre de 2010

Hormen zimurrak kolorez berpiztu dira

Brotxaren brigadak Gasteizko hormak margotu ditu. Zimur, arrakala, ustelketa eta goroldioak bere azken sarraskiak eginak dituzte.

Horren ordez, Alde Zaharrean hormairudi erraldoiak margotu dituzte Brotxaren Brigadako kide eta boluntarioek. Italiako pintore klasikoak eta Andy Warhol-en tomate potoak, denak dute leku etxeen hormetan. 2007an hasi eta, momentuz, aurtengo udan amaitu dute lana.

Veronica Werckmeister-en gidaritzapean egin dituzte lanak, eta honek ez du amore eman. Hutsik ikusten duen pareta oro bere biktima berria izateko gosez da Werckmeister. Emaitza ikusita, eta Gasteiztar nahiz turisten artean izandako harrera beroaz ohartuta, proiektuak luzerako emango duela dirudi. "Gasteizko hormairudi ibilbide turistikoa" izenez zabaldu nahi da nazioartean proiektu hau.

"Muralismo urbano" diote espainieraz, horixe da, museoetatik alde eta gure parranda edo erosketa lekuetara itzuli behar da artea, kreatibitatea. Zimurren, ordez, kolorea, alegia.

Nik neuk egindako bideoa, 2010eko urrian Alde Zaharrean zeuden hormairudi guztiekin.

720p KALITEAN ASKOZ HOBE


Proiektu taldeak bideoa ere argitaratu du proiektuaren making off-arekin.