lunes, 31 de enero de 2011

Euskarazko tresna eta baliabide linguistikoen analisia

Eskolan eskaini diguten urrezko eskuliburu bati esker, aitzakiarik ez dugu gure euskarazko testuak ez hobetzeko. Behin idatzita, edo idatzi bitartean, aukera zabalak ditugu hobekuntzak egiteko.

Hainbat eta hainbat tresna ditugu sarean eskuragarri. Hizkuntza sistemaren baliabide eta arau orokorrak, euskara batuaren arau akademikoak, estilo zaindu orokorrerako irizpideak, irizpide soziolinguistikoak, komunikabideetarako estilo aukerak eta terminologia nahiz fraseologia zaintzeko baliabide ugari ditugu. Aldiz, hutsuneak daude komunikabide estilo eta generoen inguruan dauden irizpideei buruz. Hortaz, kazetariok forma zaindu edo estandarreko tresnetatik jaso (eta moldatu) behar ditugu gure artikuluentzako ekarpenak. Hutsuneak hutsune, inoizko hizkuntza tresneria garatuena dugu eskura.

Baliabide saltsa honetatik guztiatik probetxuzko emaitza lortzea da helburua. Tresna batzuk uneko zalantzak konpontzeko balio dute, baina beste askok aldez aurreko irakurketa behar dute gero aplikatzeko. Etengabeko eta monetuko informazio jarioan bizi garen honetan gure hizkuntzaren kalitate linguistikoa bermatzeko berehalako tresna eraginkorrak behar ditugu. Euskarak baditu tresna asko, horiek tamainan erabiltzea da kazetarion erronka.

viernes, 28 de enero de 2011

Lauroba Gasteizen izan zen Parral tabernan "Egunarekin..." diska aurkezten

Lauroba musika talde donostiarra Gasteizen izan zen urtarrilaren 25ean, Parral tabernan. Ordu bete pasako kontzertua eskaini zuten eta haien "Egunarekin..." azken lanaren abestiak izan ziren protagonistak. Maitasuna, umorea eta pasioak jorratzen dituzte lan hauetan. 80 bat ikus-entzulek bete zuten Parral, eta ikuskizun polita eman zuten musikariek Geu Elkartearekin batera antolatutako kontzertuan. Besteak beste, "Zure Zain" abestia jo zuten, horixe da blogera dakarkigun bideoa:

martes, 25 de enero de 2011

Euskara eskolan

Hizkuntza gutxituen eta normalizatuen arteko harremanek eragiten dituzten egoera errealak.

Gasteiz; 2009

Emakumea euskara irakaslea da atzerritar askok ikasten duten institutu batean. Irakasleak lan zaila du. Bigarren DBHko ikasle gehienak Gasteizera etorri berriak dira Perutik, Marokotik, Kubatik, Kolonbiatik, Argeliatik, Paraguaytik, Brasiletik....Bertakoak direnak ere euskalduntasun gutxi dute haien bihotzetan. Afrikarrek lanak dituzte gaztelaniaz ikasteko ere, beraz, A ereduan dabiltza.

Irakasleak bere jarrerak aldatu behar izan ditu orain dela 20 urte eskolak ematen hasi zenetik. Ikasleen izaera mundua bezainbat aldatu da. Baina, bada azken aldian errepikatzen den zerbait. Eskolak eman eta eman, eta behin baino gehiagotan galdera bat errepikatzen da ikasleren baten ahotik. Eskua jaso, Irakasleak hitza eman eta harek esan. Ez atzizki, ez aditz, ez semantika, ez lexiko.

-Profe, ¿para qué estudiamos euskera si nadie lo habla?

Egunean duen aldartearen arabera erantzun ohi du emakumeak. Batzutan euskararen ofizialtasuna ahoan, bestetan euskarak aberasten gaituela, eta, gehienetan, horrelako galderei erantzun baino entzungor egin eta gaiarekin aurrera segi.

Zeinen errua da? Zuek nola azalduko zenukete? Zergatik ikasi behar dute etorkinek euskara gaztelaniaz edonorekin uler badaitezke?

Hizkuntza gutxituen eta normalizatuen arteko harremanek eragiten dituzten egoera errealak.

Euskarak 2006an zuen egoera inkesta soziolinguistikoaren bidez


Euskararen inguruko IV. Inkesta Soziolinguistikoak hainbat ondorio baliagarri erakusten ditu.

>Euskara dakiten ehunekoak hazi egin dira hezkuntza euskaldunari esker EAEn. Esaterako, Araban euskaraz zekiten gazteak 1991an %7 izatetik 2006an bikoitza izatera igaro dira. Euskara hein handi batean ikasia da, hezkuntza sistemako hizkuntza eta ez kalekoa. Hala ere, jarrera ona du euskararen sustatzeak EAEn.

>Iparraldean euskararen transmisioak izandako zulo izugarria gelditu eta gazteen artean euskara erakustea lortu da. Euskara zaharren, familia artekoen eta nekazal girokoen
hizkuntza da. Izan ere, Baiona, Angelu eta Miarritzen euskarak presentzia urria du. Frantziaren politika bateratzailearen ondorio zuzena da euskarari urteetan eman zaion balio eskasa. Euskara bi belaunalditan anekdotikoa bilakatzeko arrisku larria du biztanleen interesa asko edo nahikoa dutenen (%67) zenbakia kontuan hartzekoa bada ere.

>Nafarroa multilinguismoaren eta kultura kontrasteen lurraldea da. Lurraldea non euskaldunak oso jarrera euskalzaleak dituzten eta erdaldunek oso jarrera aurkakoak, jarrera muturrekoak, alegia. Gainera, euskara erabiltzen den eremuetan erdaldun askok euskararen aldeko jarrera dute eta seme-alabei euskara erakusteko borondatea. Gazteak gero eta elebidunagoak dira. Euskarak bi mundu banatzen ditu Nafarroan.

Ondorioz, oro har, euskararen etorkizuna Euskal Herrian euskara
dakitenek euskara erabiltzen badute edo ez erabakiko da. Lurraldeka, arazo gehien Iparraldeak izango ditu belaunaldi gutxi batzuetan egoera iraultzen ez badute, euskaraz egiten dutenen presentzia marginala izango baita. Nafarroak, berriz, epe luzerako hobekuntza handiak izan ditzake hango euskalzaleek transmisioa eta erabilera zabaltzen badute (eta hizkuntza politika aldatzen bada azkartu daiteke). Araban ere, Nafarroaren antzera, jarrera baikorrak eta euskaraz dakien belaunaldi berria erabileran bistaratzeko ordua heldu da. Araban, euskaldun diren gazteek etorkizunean beraien seme-alabei egingo dieten hizkuntza transmisioan dago gakoetako bat. Bizkaian euskara hiritartzea behar da eta azken urteetan etortzen ari den atzerritar andanari hizkuntzarekiko jarrera positiboak eskaintzea. Gipuzkoan berriz, egoera ona dute baina gaztelania eta euskara erdi eta erdi erabiltzen diren herri horietan gazteak direnek erdaldunak erakartzea behar dute.


Eskolatik kalera, etxetik plazara.


Kalitatezko euskararen hatsarreak

Multimedia produktuen kalitate linguistikoen kudeaketarako irizpideak eta baliabideak irakasgaiaren lehenengo langaiaren ondorioak dira datozenak.

Euskararen Aholku Batzordeak egindako txostenean agertzen dira argi eta garbi hizkuntzaren kalitatea neurtzeko hiru parametro nagusiak: egokitasuna (xedea lortzen duena; eraginkorra), zuzentasuna (arauak jarraitzen dituena) eta jatortasuna (tradizioz erabilitako formak erabiltzen dituena). Irizpide hauekin bat egiten dugu, baina hierarkia ere ezartzea posible dela uste dugu. Egokitasuna litzateke garrantzitsuena, lehen printzipioa. Izan ere, egokitasunaren izenean zuzentasuna eta jatortasuna bigarren mailan jartzea onargarria dela uste dugu, alderantziz ez, ordea.

Bestalde, egokitasuna neurtzea, subjektiboa izanik, aski zaila da. Igorleak ezartzen du helburua, baina baliteke helburu hori gaixki ezarri izana, edo erdipurdizka aplikatzea. Zuzentasuna neurtzeko orduan Euskaltzaindiaren arauei atxikitzea nahikoa da. Jatortasuna aztertzeko berriz, tradizioan erabili diren formen analisia egin behar da. Lan zaila eta konplexua zuzentasunaren aldean.

sábado, 22 de enero de 2011

Euskara portalean


Hizkuntza gutxituen eta normalizatuen arteko harremanek eragiten dituzten egoera errealak.

2010; Gasteiz

Mutil gazteak 22 urte ditu eta portaleko txirrina jotzera doa amak atea ireki diezazion. Ate parean, 70 urte inguruko emakumea txirrineko bozgorailutik ahotsen bat entzun zain dago, ateak irekiko zain. Mutilak txirrina jo du amonari "Hola" agurtu ostean.

Bapatean bi ahots entzun dira bozgorailuan, bata haur txiki batena eta bestea gaztearen anaiarena:
-Nor da?
-Bai?
-Ni Mikel, iriki
- Amama
-trin...trin...

Atea ireki du mutilak eta amonari sartzeko imintzioa egin dio.Biak ohartu beharko ziren euskaraz ari zirela txirrineko ahotsei erantzuten. Amonak gazteari:

-Puedes pasar.
-Eskerrik asko.
-Ene! Euskalduna zera ta. Enaiz konturatu ere ein.
Gasteizen zaila da ta euskeraz entzutia.
-Ba bai, ezta errexa, baina tokatu zaizu.

Igogailura bidean:
-Eta, zu Gasteizkoa zea?Hemen bizi zea?
-Bai, hemen, bosgarrenian.
-Earra sorpresa. Baina, zure euskera ezta hemengua.
-Ez, gurasuak gipuzkuarrak dia.
-Ni re Zaldibikua naiz, Ordizia onduan, ta hilobak bizi dia hemen, hirugarrenian.
-Nere aita mutrikuarra da ta ama Elgoibarkua.
-Earra poza, esango diet etxekuai hemen badala euskaldunik.

Igogailua heldu da hirugarrenera eta amona igogailutik irten baino nahiago du hitz egin.
-Bueno, bueno, hurrengo batearte, agur!
-Bai, agur!

Biek poz-pozik egin dute alde, izugarrizko aurkikuntza edo mirari bat ikusi balute bezela.

Euskarak batzen gaitu? Euskal Herrian bi komunitate al daude bi mundu osatuz? Nireak eta besteak? Bertakoak etxean arrotz sentitzera eraman gaituen egoerak ez al du atzera bueltarik?

Hizkuntza gutxituen eta normalizatuen arteko harremanek eragiten dituzten egoera errealak.





viernes, 21 de enero de 2011

-8. zeregina- Gogoeta teorikoen analisia

Master honek zer edo zer erakutsi badigu, ikus-entzunezkoek sarean izango duten epe motzeko gailentasuna da. Multimedia diskurtsoa deritzon honen oinarrian dago ikus-entzunezkoen ekoizpena. Interaktibotasunaren eta hipertestuaren erabileraren hauspoak dira ikus-entzunezko produktuak.Izan ere, azken urteetan produktu hauen kontsumoa izan da interneten gehien handitu dena. Hots, bideoak izan ohi dira hartzailearen parte hartze gehien jaso ohi duten piezak. Ez dago hain garbi, ordea, hipertestualitatea ikus-entzunezkoetan guztiz integraturik dagoen. Esaterako, oraindik gutxi dira, bideoaren barruan (edo urriak diren testu laguntzaileetan) hipertestuak aurkitzea. Dena den, lan egiten ari den arloa da. Eredugarria, ARGIAk alor honetan duen ikuspuntu integrala.

Momentuz, aisiarekin zerikusia duten ikus-entzunezkoek gainezka egin dute interneten. Hala ere, informazio landua duten orrien zenbakia asko ari da zabaltzen. Gutxi batzuk esaterako, DemocracyNow, TheWeekinRap Amerikako Estatu Batuetan, eta gurean, ARGIA eta BERRIATB bera. Adibide hauek erakusten dute ikus-entzunezkoekin egin daitekeen erabilera guztiz ezberdina, baina, beti ere, informatzea helburu.

Eduki bisualen iturriei dagokionez, bitarikoak dira batik bat. Propioak: komunikatzaileek beraiek sortutakoak, agentzietakoak: informazio agentziek bildu eta masiboki zabalduak eta bigarren eskukoak: interneteko erabiltzaileengandik edo komunikabideetatik jasoak, edota artxibo irudiak.

Hutsuneei dagokionez, produktu integratuen falta azpimarratzen dute autoreek. Hala, kazetari bakarrak euskarri guztietarako piezak sortzeak izango lituzte emaitza onenak. Izan ere, pieza bakoitzak bere funtzioa beteko luke osotasun batean eta helburu zehatzak ezarriz eta besteekin gainjarri gabe. Laburbilduz, eredua da informazioa interneterako sortzen duten erredakzioak desagertu eta kazetari multimediak garatzea.

Adibideak ikusiz, EiTBren web orriak informazioa, oro har, telebistatik migratzen du edota irudi sorta solteak biltzen ditu testu nagusiei lagunduz. Berriak, berriz, bere produktu eta grabazio propioak sortzeari ekin dio. Argiak ere, beste hainbeste. Medio idatziek interneteko ikus-entzunezkoan eginiko apustua da zalantza gabe, erabaki arriskatu bezain aurrerakoiena. Azken batean, paperezko bertsioa indartu baino interesa internetera zuzentzen ari baitira. Izango ote du apustu honek atzera buelta interesgarririk komunikabideentzat? Ikusteko dago. Badakiguna da, hartzailea dela honen guztiaren sariduna.