domingo, 26 de diciembre de 2010

Aita gerratik itzuli zenekoa


4 urte nituela etorri ziren aitaren bila, 1936an. Donostialdetik erreketeak zetozela eta lagundu beharra zegoela esan ziguten. Bi urte igaro ziren haren berri jakin gabe.

Herriko zurrumurruek zioten Cantabrian harrapatu zituztela. Ez genuen beste berririk izan bi urte horietan. Gerraren nondik norakoak bai, aita bizirik zen ez.

Sukaldeko mahaian bilduta ginen ama, anaiak eta ni. Trena gure etxe atzeko mendi magaletik pasatu zen, egunero bezala, hots handia eginez. Anaia bromazaleak bota zuen berriz ere:"aita dator tren horretan". Amak errieta egin zion, halakoekin ez dela bromarik egiten esanez. Baina ume bat besterik ez zen anaia, ni bezala. Denbora gutxira, atean tok-tok aditu zen. "Aita da!"

Atearen bestaldean bizar luzedun gizona zegoen. Bi urte pasata, nik ez nuen lehenengoan ezagutu. Baina, bai, aita zen.

Atxitxak kontatutakoa 2010/12/24

lunes, 20 de diciembre de 2010

Europako aireportuetan hegaldiak atzerapenak izaten ari dira elurra dela eta

Elurrak milaka hegaldi galarazi ditu Europa iparraldean. Londres, Brusela, Paris eta Amsterdameko aireportuetan bertan behera utzi dituzte hegaldiak eta beste aireportuetan domino efektuak atzerapenak ekarri ditu, tartean Bilboko Loiu aireportuan. Asteburuko denboralea urruntzen ari bada ere, Londreseko Heathrow bezalako aireportu erraldoietan ehunka lagunek jarraitzen dute ez aurrera ez atzera.

Hurrengo orduetan elurra gutxitu eta eguraldiak hobera egingo badu ere, azken egunetan izandako gorabehera larrien ondorioz egoera normalizatzeko beste bi egun beharko dituzte. Europako aireportu erabiliena Londresekoa da, beste herrialdeetara bidean eskala egiteko erabiltzen baita. Erresuma Batuko hegaldien egoera jakinaratzeko orria prestatu dute.

miércoles, 15 de diciembre de 2010

John Pilger kazetariak "The War You Don't See" filma estreinatu du Erresuma Batuan

"The War You Don't See" edo "Ikusten Ez Duzuen Guda" filme dokumentala estreinatu du Erresuma Batuan John Pilger Australiako kazetari eta dokumentalgileak.

Kazetariek gerra egoeretan duten eragina ikertzen da filmean, lehen mundu gerran hasi eta Irakeko inbasiora arte.

Datorren urtean, 2011an, helduko da filmea AEB eta Australiara. Ikusteke dago noiz helduko den Europara. Dena den, laster izango da online eta dohainik.

John Pilger kazetariaren beste dokumentalak ikus daitezke sarean.

The War You Don't See trailer from John Pilger on Vimeo.

viernes, 10 de diciembre de 2010

Kakaztu da musika, itxita


Kakaztu edo ia desagertu. Musika dendarik ikusi duzu zure inguruan? Gasteizen, Elkar megadendan Berri Txarrak-en Denak ez du balio diskoa erostera joan naiz gaur, eta huts. Amaitu omen zaizkie aleak. Behingoz deskarga baztertu eta erosteko intentzioa izan dudala, eta ez dagoela!

Kabreoa.

Nora eta El Corte Inglesera joan naiz gero, huts. Ezta ageri ere Lekunberrikoen itzalik. Eta, gero, nora? Gogoratu ditut Gasteizen zeuden beste pare bat musika denda. Dendaraban eta San Martin auzoan. Joan, eta itxita biak, hutsik.

Ni naiz ala musika dendarik ez dago ia gaur Gasteizen? Eta, zer egingo dut orain, itxoin, internetetik erosi ala dohan deskargatu?

Erosi nahi eta ezin. Elkar-ek pentsatu beharko luke dendara joatea eta kartera irekitzea, esfortzua dela. Ez egin huts.

Iaz ere berdina gertatu zitzaidan. Payola bila. Amaitu omen zitzaien.

Elkar>Corte Inglés> . . .