miércoles, 9 de febrero de 2011

Sortu denaren erreferentzia sortzaileak?

Irudiak ez dira inuzenteak, esanahiz beteak daude, batzuk ikusgarriak eta beste batzuk zeharkakoak. Hala, ondo pentsatuta sortzen dira alderdi politikoen logotipoak. Kartelak, eskuorriak, telebista irudiak…Nonahi ikusten dira logotipoak, eta, horregatik, ezinbestekoa da estetikoki asmatzea. Ezker abertzaleak Sortu aurkeztu du aste honetan, zer dago irudiaren atzean?

Sortu, ezker abertzalearen alderdi berriaren logotipoaren analisia egin dut. Nire esperientzian oinarritutako azterketa besterik ez da, ahal bezain zabala, baina mugatua.

Eguzkia itsasotik ateratzen dago egunaren hasiera irudikatuz. Hori da logoaren irudia oinarrian: kolore laranjazko laukizuzena borobil erdi batek estalia. Konbentzionalki eguzkiaren goizeko agerpena irudikatzen du, SORTU izena bezala, jaiotza, egunaren zikloaren sorrera esan nahi du. Eta, ziklo horrek, gainean du izar bat, helburu bat, amets bat, kasu honetan, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa.

Elementuen banakako analisia

Izarra berria da. Aurretik bost puntako izar gorria erabili izan da askotan sozialismoaren ikur bezala, baita ezker abertzaleak ere. EAE-ANVk sei puntako izarra sortu zuen logorako 36ko gerra aurrean. Oraingoak, hurbilera begira,Sortuk Independentistak sarearen sinbolo bera jaso du. Beraz, independentzia bezala interpretatu daiteke zortzi puntako izar hau. Ez dakit zergatik Independentistak izar zehatz hau jo duen independentzia ikur. Kasu honetan izarraren kokapenak, zeruan, helburua, ametsa, jomuga irudikatzen du.

Koloreak; Horia eta laranja. Horia eguzkiaren kolore “naturala” bezala ikus daiteke hala erabili baita irudikapen gehienetan, eta laranja egunsentian zeruak hartzen duen kolorea bezala. Kolore horiek zer sinbolismo dute abertzaletasunarekin edo ezkertiartasunarekin? Ezer gutxi. Nik dakidala kolore hauek ez dira sinbolismoan erabili. Salbuespena, Herri Batasunaren kolorezko ikurrinako goiko bi triangeluak dituztela kolore horiek. Hortik at, nazioartean kolore hauek esanahi politiko ezagunik ez dutela esango nuke. Gurean? Azken aldian, laranja Euskaltel-en kolorea izan da, txirrindulari euskaldunena. Laranja honek, adibidez, Gasteizko jaietako txupinazoan indar handia hartu du. Bestetik, Herbehereetako herritarrek ere oso maite dute laranja kolorea, haien monarkiaren ikurra da eta. Anekdota: Euskalteli sinpatia diote koloregatik!

SORTU izena, behealdean kokatzen da eta letrak marra zuri batek banatzen ditu. Marra hori itsasoko olatuen edo uhinen irudikapen bezala ikusten dut.

Tipografikoki SORTU beltzez idatzia dago, eguzkiaren gainean. Letrak ez dira soilak, buztantxoak dituzte. Nolanahi ere, erakunde politikoetan modaz pasatako tipografia da. Ez da ez gogoratzek erraza, ezta kopiatzeko erraza ezta modernoa ere.

Iritziak

Gorka Landaburu kazetariak azaldu zuen Radio Euskadin, bere iritziz, eguzki honek “iluntasunaren aroa atzean gelditzen dela” irudikatu behar duela. Gara-ko editorialak hau dio Sortu hitzari buruz: Poetaren bertsook maiz gogorarazten dutenez, «…horrela bizitzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera, atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera».

viernes, 4 de febrero de 2011

Euskara Korrikan

Hizkuntza gutxituen eta normalizatuen arteko harremanek eragiten dituzten egoera errealak.


Koadrilako bi gazte tabernan elkartu dira garagardoa edateko. Bata, euskara sarri-sarri egiten duen euskaldun zaharra; bestea euskara oso noizean behin erabiltzen duen euskaldun berria. Biek erdaraz egiten dute beti elkarrekin. Korrika euskararen aldeko ekimena laster igaroko da herritik. Euskaldun berriak esan dio besteari:

-Escucha...Hitz egiten dugu euskaraz?
-Bien, baina zergatik?
-Korrika dago eta hitz egin behar dugu, ezta?
-(...)

Euskaraz igaro zuten arratsaldea. Heldu zen eguna, eta Korrikan parte hartzeko gogoz bat egiten zuten biek.
-Aupa, qué pasa!
-Ondo, korrika egitera.
Elkartu ziren korrikalari taldearekin eta egindako hitz gutxiak euskaraz izan ziren. Egun hori igaro zen, ordea. Eta gutxi mantendu zuten hitzarmena.

Euskaldun zaharrak nahiago du erderaz egin lagunarekin, haren komunikazio maila asko jaisten baita euskaraz. Gainera, beti egin dute gaztelaniaz, eta ez dute halako ahalegina egiteko asmorik. Ez hori bakarrik, biak beste pertsonekin daudean zer gertatuko da?

Artifiziala egiten zaie elkarrekin euskaraz egiteak. Batetik, inoiz egin ez dutelako, bestetik lagunarteko hizkeran hobe moldatzen direlako euskaraz, eta, azkenik, euskaraz egiteko asmo handirik ez duen jendearekin bat egoten direlako.

Ezaguna zaizu egoera? Zein jarrera da zilegia, euskaraz bi egunez egiten duenaren konpromisoa ala konpromiso iraunkorra ez denez uko egiten diona? Korrika 2011 abian da!
Hizkuntza gutxituen eta normalizatuen arteko harremanek eragiten dituzten egoera errealak.

jueves, 3 de febrero de 2011

Euskararen garabide estilistiko eta funtzionala multimedia alorrean

Maria Jesus Lamarcak "Características del hipertetxo. Hipertexto: El nuevo concepto de documento en la cultura de la imagen" hipertestuaren ezaugarriak zerrendatzen ditu bere testuan: konektibitatea, digitalizazioa, multimediatasuna, interaktibitatea, berrerabilpena eta zabaltzea.

Bost ezaugarri hauek teknologiaren aldaketaren erakusle ez ezik, hizkuntza baliabide eta testu antolakuntza berriak dakartzate. Izan ere, hipertestuak testu soila gehigarriz jositako artikulu bilakatzen du. Hala, esaterako, sarritan hobe izango da jatorrizko iturriaren informazioa guztiz itzuli baino, hau estekatzea. Genero klasikoak ere moldatu (infografiak, esteka albisteak, fotonotiziak, erreportaia interaktiboak) eta beste batzuk sortu beharko dira. Testuak sareko irakurketa joeretara egokitu beharko dira, adibidez, testuaren gehigarri moduan (ez ordezkatuz) bideoa eskegiz. Euskarri bakoitzaren abantailak jaso beharko ditu testu bakoitzak. Ziberkazetaritzako piezek helburu zehatzagoak beharko dituzte sarean, aukerak zabalagoak izango direlako.

Hipertestuak eta multimediatasunak dakarren aukeren saltsa-maltsan ez nahasteko komunikabideek etorkizuneko irizpide eta helburu komunikatiboak finkatzea ezinbestekoa da.

miércoles, 2 de febrero de 2011

Amazonia oihaneko indigena ezezagunen argazkiak publikatu dira


Amazonia oihanean bizi den indigena talde baten argazkiak publikatu berri dituzte. Mendebaldeko herritarrentzat ezezagunak ziren gizaki hauek, eta argazkietan ikusten denez naturako baliabideekin bizirauten dute, gorputza pintatuta dute eta gainean daramatzate armak.

Orain arte mendebaldeko herritarrontzako ezezagunak ziren Amazonia oihaneko indigena talde baten argazkiak argitaratu berri dituzte. Peru eta Brasil arteko mugako oihanetan bizi da taldea, eta argazkiak Brasileko Indioen Fundazio Nazionalak (Funai) argitaratu ditu. Naturatik hartutakofruituekin, manioka, papaia eta bananak batik bat, bizi omen dira indigenok. Aurrez ezagututako indigena amazionarrak bezala arkuak eta ganibetak erabiltzen dituzte, eta palmondo hostoz eraiki etxolak.

Survival GBE erakunde zuzendariak zuzenean eskatu dio Peruko presidente Alan Garciari oihanean barneratzen ari diren zura biltzaileei indigenekin kontaktua galarazteko. Izan ere, erraz gaixotu eta hiltzeko arriskua dute. Argazkien publikazioak indigenak babesteko behar dutela adierazi dute indigenen aldeko erakundeeek eta Brasileko agintariei babes hori ematea bermatu diete.

Survival-eko kideek uste dutenez orain ehun urte inguru Amazoniako basoetan kautxu bila sartu zengizon zuriak sarraskitu zituen indigenen ondorengoak izan daitezke. XX. Mende hasieran mendebaldeko konpainiek “kautxuaren sukarra” bizi izan zuten, eta ordura arte ezezagun ziren lurretara barneratu. Bertan, indigenak esklabu gisa erabili zituzten horien lurretatik ahal zen kautxu gehien lortzeko. Ustiapen masibo hori lortzeko asmoz konpainiek hartutako jarrerak milaka indigenen heriotza ekarri zuen. Alta, ihes egindakoak ere izan ziren, eta orain, normala den bezala, ezer gutxi nahi dute jakin gurpil gainean edo zerutik zelatan ibiltzen diren gizon zurien inguruan.

Gehiago jakiteko: http://www.survivalinternational.org/ El sueño del Celta; Mario Vargas Llosa.

lunes, 31 de enero de 2011

Euskarazko tresna eta baliabide linguistikoen analisia

Eskolan eskaini diguten urrezko eskuliburu bati esker, aitzakiarik ez dugu gure euskarazko testuak ez hobetzeko. Behin idatzita, edo idatzi bitartean, aukera zabalak ditugu hobekuntzak egiteko.

Hainbat eta hainbat tresna ditugu sarean eskuragarri. Hizkuntza sistemaren baliabide eta arau orokorrak, euskara batuaren arau akademikoak, estilo zaindu orokorrerako irizpideak, irizpide soziolinguistikoak, komunikabideetarako estilo aukerak eta terminologia nahiz fraseologia zaintzeko baliabide ugari ditugu. Aldiz, hutsuneak daude komunikabide estilo eta generoen inguruan dauden irizpideei buruz. Hortaz, kazetariok forma zaindu edo estandarreko tresnetatik jaso (eta moldatu) behar ditugu gure artikuluentzako ekarpenak. Hutsuneak hutsune, inoizko hizkuntza tresneria garatuena dugu eskura.

Baliabide saltsa honetatik guztiatik probetxuzko emaitza lortzea da helburua. Tresna batzuk uneko zalantzak konpontzeko balio dute, baina beste askok aldez aurreko irakurketa behar dute gero aplikatzeko. Etengabeko eta monetuko informazio jarioan bizi garen honetan gure hizkuntzaren kalitate linguistikoa bermatzeko berehalako tresna eraginkorrak behar ditugu. Euskarak baditu tresna asko, horiek tamainan erabiltzea da kazetarion erronka.

viernes, 28 de enero de 2011

Lauroba Gasteizen izan zen Parral tabernan "Egunarekin..." diska aurkezten

Lauroba musika talde donostiarra Gasteizen izan zen urtarrilaren 25ean, Parral tabernan. Ordu bete pasako kontzertua eskaini zuten eta haien "Egunarekin..." azken lanaren abestiak izan ziren protagonistak. Maitasuna, umorea eta pasioak jorratzen dituzte lan hauetan. 80 bat ikus-entzulek bete zuten Parral, eta ikuskizun polita eman zuten musikariek Geu Elkartearekin batera antolatutako kontzertuan. Besteak beste, "Zure Zain" abestia jo zuten, horixe da blogera dakarkigun bideoa:

martes, 25 de enero de 2011

Euskara eskolan

Hizkuntza gutxituen eta normalizatuen arteko harremanek eragiten dituzten egoera errealak.

Gasteiz; 2009

Emakumea euskara irakaslea da atzerritar askok ikasten duten institutu batean. Irakasleak lan zaila du. Bigarren DBHko ikasle gehienak Gasteizera etorri berriak dira Perutik, Marokotik, Kubatik, Kolonbiatik, Argeliatik, Paraguaytik, Brasiletik....Bertakoak direnak ere euskalduntasun gutxi dute haien bihotzetan. Afrikarrek lanak dituzte gaztelaniaz ikasteko ere, beraz, A ereduan dabiltza.

Irakasleak bere jarrerak aldatu behar izan ditu orain dela 20 urte eskolak ematen hasi zenetik. Ikasleen izaera mundua bezainbat aldatu da. Baina, bada azken aldian errepikatzen den zerbait. Eskolak eman eta eman, eta behin baino gehiagotan galdera bat errepikatzen da ikasleren baten ahotik. Eskua jaso, Irakasleak hitza eman eta harek esan. Ez atzizki, ez aditz, ez semantika, ez lexiko.

-Profe, ¿para qué estudiamos euskera si nadie lo habla?

Egunean duen aldartearen arabera erantzun ohi du emakumeak. Batzutan euskararen ofizialtasuna ahoan, bestetan euskarak aberasten gaituela, eta, gehienetan, horrelako galderei erantzun baino entzungor egin eta gaiarekin aurrera segi.

Zeinen errua da? Zuek nola azalduko zenukete? Zergatik ikasi behar dute etorkinek euskara gaztelaniaz edonorekin uler badaitezke?

Hizkuntza gutxituen eta normalizatuen arteko harremanek eragiten dituzten egoera errealak.