miércoles, 9 de febrero de 2011

Sortu denaren erreferentzia sortzaileak?

Irudiak ez dira inuzenteak, esanahiz beteak daude, batzuk ikusgarriak eta beste batzuk zeharkakoak. Hala, ondo pentsatuta sortzen dira alderdi politikoen logotipoak. Kartelak, eskuorriak, telebista irudiak…Nonahi ikusten dira logotipoak, eta, horregatik, ezinbestekoa da estetikoki asmatzea. Ezker abertzaleak Sortu aurkeztu du aste honetan, zer dago irudiaren atzean?

Sortu, ezker abertzalearen alderdi berriaren logotipoaren analisia egin dut. Nire esperientzian oinarritutako azterketa besterik ez da, ahal bezain zabala, baina mugatua.

Eguzkia itsasotik ateratzen dago egunaren hasiera irudikatuz. Hori da logoaren irudia oinarrian: kolore laranjazko laukizuzena borobil erdi batek estalia. Konbentzionalki eguzkiaren goizeko agerpena irudikatzen du, SORTU izena bezala, jaiotza, egunaren zikloaren sorrera esan nahi du. Eta, ziklo horrek, gainean du izar bat, helburu bat, amets bat, kasu honetan, Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa.

Elementuen banakako analisia

Izarra berria da. Aurretik bost puntako izar gorria erabili izan da askotan sozialismoaren ikur bezala, baita ezker abertzaleak ere. EAE-ANVk sei puntako izarra sortu zuen logorako 36ko gerra aurrean. Oraingoak, hurbilera begira,Sortuk Independentistak sarearen sinbolo bera jaso du. Beraz, independentzia bezala interpretatu daiteke zortzi puntako izar hau. Ez dakit zergatik Independentistak izar zehatz hau jo duen independentzia ikur. Kasu honetan izarraren kokapenak, zeruan, helburua, ametsa, jomuga irudikatzen du.

Koloreak; Horia eta laranja. Horia eguzkiaren kolore “naturala” bezala ikus daiteke hala erabili baita irudikapen gehienetan, eta laranja egunsentian zeruak hartzen duen kolorea bezala. Kolore horiek zer sinbolismo dute abertzaletasunarekin edo ezkertiartasunarekin? Ezer gutxi. Nik dakidala kolore hauek ez dira sinbolismoan erabili. Salbuespena, Herri Batasunaren kolorezko ikurrinako goiko bi triangeluak dituztela kolore horiek. Hortik at, nazioartean kolore hauek esanahi politiko ezagunik ez dutela esango nuke. Gurean? Azken aldian, laranja Euskaltel-en kolorea izan da, txirrindulari euskaldunena. Laranja honek, adibidez, Gasteizko jaietako txupinazoan indar handia hartu du. Bestetik, Herbehereetako herritarrek ere oso maite dute laranja kolorea, haien monarkiaren ikurra da eta. Anekdota: Euskalteli sinpatia diote koloregatik!

SORTU izena, behealdean kokatzen da eta letrak marra zuri batek banatzen ditu. Marra hori itsasoko olatuen edo uhinen irudikapen bezala ikusten dut.

Tipografikoki SORTU beltzez idatzia dago, eguzkiaren gainean. Letrak ez dira soilak, buztantxoak dituzte. Nolanahi ere, erakunde politikoetan modaz pasatako tipografia da. Ez da ez gogoratzek erraza, ezta kopiatzeko erraza ezta modernoa ere.

Iritziak

Gorka Landaburu kazetariak azaldu zuen Radio Euskadin, bere iritziz, eguzki honek “iluntasunaren aroa atzean gelditzen dela” irudikatu behar duela. Gara-ko editorialak hau dio Sortu hitzari buruz: Poetaren bertsook maiz gogorarazten dutenez, «…horrela bizitzen gera, sortuz ta sortuz gure aukera, atsedenik hartu gabe: lana eginaz goaz aurrera».

No hay comentarios:

Publicar un comentario